Albisteak

 

Zer da Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP)?

EKZP dokumentu arau-emaile bat da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean zer jarduera egin daitezkeen arautzen duena, jasangarritasuna kontuan hartuta.

Nola?

EKZPn, eremutan banatuta dago Urdaibaiko lurraldea, eta lurzoru urbanizaezineko eremu bakoitzean egin daitezkeen jarduerak ezartzen dira. Lurzoru honi buruz EKZPn aipatzen denak lehentasuna du udalaren hirigintza-plangintzaren gainean.

Dena den, EKZPk ez du araurik ezartzen Biosfera Erreserba osatzen duten 22 udalerrietako hiri-lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako. Udalaren hirigintza-plangintzak arautzen ditu zuzenean lurzoru horiek.

Zergatik eta zertarako Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan berri bat?

Dokumentuaren berrikuspen sakon baten emaitza da plan berria, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteko eta Antolatzeko 5/1989 Legeak ezarritakoaren arabera.

Berrikuspen horren helburua da uneko errealitatera egokitzea. Izan ere, egoera sozioekonomiko eta ingurumen- eta hirigintza-araudi desberdinak daude gaur egun. Horrez gain, azken 20 urteetako esperientzia jasotzea ere helburu du berrikuspenak.

Nola egin da plan berria?

2010ean ekin zitzaion EKZP berrikusteko prozesuari. Ordutik, parte-hartze publikoko hiru prozesu osagarri egin dira:

  • Lehena, 2011n, komunitate zientifiko-teknikoarekin.
  • Bigarrena, 2013an eta 2014an, udal-ordezkariekin.
  • Eta hirugarrena, 2013an eta 2014an, gizarte zibilarekin.

Prozesu horien inguruko informazioa

Talde horien ekarpenak erabili dira plan berriaren edukia idazteko oinarri eta inspirazio-iturri.

Informazio saioak

Madariaga Dorretxean, 18:30etan:

  • Apirilak 18: aisialdi eta turismo erabilerak
  • Apirilak 19: nekazaritza, ganaderitza eta basogintza erabilerak
  • Apirilak 20: etxebizitza erabilerak

Dokumentu berria kontsultatzea eta hari alegazioak egitea

Gainera, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Irekia atarian badago beste aukera bat ere, informalagoa, eztabaidan parte hartzeko eta iradokizunak egiteko, gehienez 255 karaktere idatzita. Atari horretan, eskuragarri daude bai Planaren dokumentazio osoa, bai hura prestatzeko garatu diren parte-hartzeko prozesuei buruzko informazioa.

Nola ebazten dira jasotako alegazioak?

Informazio publikoaren fasea bukatutakoan, aurkeztutako alegazioak eta ekarpenak aztertuko eta erantzungo ditu Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Zerbitzuak, eta, hala badagokie, dokumentuan sartuko ditu, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak behin betiko onar ditzan.

Informazio gehiago

EKZP onartzen duen dekretu proiektuaren kartografia (Autocad bertsioan):

Artxiboa jaitsi - FTP

Artxiboa jaitsi - HTTP