Albisteak

 

Elantxobek herriko bizitza sozio-kulturala dinamizatzeko helburuarekin, ekintza ezberdinak antolatu ditu uztaila eta abuztuari begira. "Elantxobe 2016" kanpoko pintura lehiaketaren bigarren edizioa izango da kultura, arte, itsasoa eta tradizioa sustatzeko udarako programatutako ekintzen artean garrantzitsuenetarikoa.

Lehiaketa abuztuaren 6an ospatuko da eta deialdiaren helburua, artearen bitartez, Elantxobeko ohitura, ingurune, paisaiak eta pertsonekin erlazionatutako alderdiak zabaltzea da. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, artista afizionatu zein profesionalek, beraiek aukeratutako kokalekuan burutu beharko dute pintura-lana lehiaketaren egunean bertan. 

Gaia aukerakoa izango da, eta lana Elantxobeko edozein txokoan garatu ahal izango da. "Elantxobe bezalako herri bitxian bizitzeko zortea daukagu. Ingurune pribilegiatuan kokatua, Elantxobek artea, kultura eta herriaren hedapena sustatzeko kanpoko ekintzak antolatzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Baina, batez ere, horrelako ekintzek herriko txoko desberdinen edertasunaz ohartarazten gaituzte", azaltzen du Jesus Mª Bilbao Udaleko Kultur, Gaztetasun eta Kirol arloko zinegotziak.

Pintura-lana egiteko erabilitako teknikak eta formatua aukerakoak izango dira. Nahiz eta pinturaren euskarrirako edozein material erabili daitekeen, 
euskarria zurruna eta 40 eta 80 zentimetro artekoa izatea nahitaezkoa da.

Parte hartzaileek abuztuaren 6an, goizeko 08:00etatik 10:00etara, lana burutzeko erabiliko dituzten euskarriak eraman beharko dituzte Gorgonio Renteria Kultur Etxera, zigilatuak izan daitezen. Une horretan, parte hartzaile bakoitzari lanarekin batera gutun-azal itxi batean entregatu beharko duten fitxa bat emango zaie. Lanak arratsaldeko 17:30etatik 18:00etara aurkeztuko dira Kultur Etxean, egilearen datuak dituen itxitako gutun-azalarekin batera.

Lehiaketaren emaitza egun berean jakinaraziko da, arratsaldeko 18:30etan. Saritutako lanak Udaleko Kultura eta Jai Batzordeak izendatutako 5 kidek osatutako epaimahaiak ebaluatu eta aukeratuko dituzte. Lehenengo saria 500€koa izango da, 300€koa bigarrena eta 200€koa hirugarrena.

Bestalde, abuztuaren 6tik 21era pintura hoberenen hautaketa bat egongo da ikusgai Kultur Etxean. Informazio gehiagorako, interesatuak Udaleko Kultura sailarekin kontaktuan jarri daitezke, 94 627 77 02 zenbakian eta hurrengo helbide elektronikoan: idazkaritza.elantxobe@bizkaia.org.

Itsasoa eta tradizioa

Antolatutako ekintzek kulturaz beteko dituzte Elantxobeko kaleak; pintura lehiaketaz gain, "La Galerna y la Mar" liburua aurkeztuko du Isabel Letek Kultur Etxean abuztuaren 6an.

Liburuaren aurkezpen publikoa martxoaren 10ean egin zen Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Isabel Letek idatzitako lehen eleberri historikoa da hau eta bertan egileak 1912. urteko galerna gainditu zuten itsas emakumeak omentzen ditu.

Letek galernaren ondorioak gainditu zituzten emakumeen bizipenak kontatuko ditu Elantxobeko Kultur Etxean. Guztira, Bermeon 75 emakume alargun gelditu ziren, horietako asko haurdun zeudelarik, eta San Roke egunean ezkonduko ziren beste 20 neska senargairik gabe gelditu ziren. Historia eta argazki zaharren bitartez, Letek emakume guzti horiek omenduko ditu aurkezpenean.

Bateleroen Eguna

Elantxobeko Udalak eta Euskal Bateleroen elkarteak uztailaren 30 eta 31an Bateleroen Eguna antolatu dute Elantxobeko portuan. Ekimenaren helburua gure ontzigintzaren historiako batel klasikoak ezagutarazi eta hauen balioa azpimarratzeaz gain, batel estropada edo "saltalekuak" antolatzea da. 

Egitaraua uztailaren 30ean goizeko 09:00etan hasiko da, batelen ongi etorria eta uretaratzearekin. 10:30etan patroien batzarra izango da, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean Elantxobeko uretan nabigatuko dute. Eguerdian, 14:30etan, bazkaria izango da. Ospakizunak 16:00etan jarraituko du hiru balizen arteko estropadarekin eta eguna bukatzeko, afaria antolatu da 21:30etarako.

Uztailaren 31an, goizeko 10:00etatik aurrera, Euskal Herriko Zingan txapelketaren finala ospatuko da. 10:30etan usadiozko ontzien erakusketa egongo da ikusgai portuan eta 14:30etan bazkaria. Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara jai egitarauari amaiera emango dion batelen nabigazioa ospatuko da.