Albisteak

 

Elantxobeko Udalak osoko bilkuran ontzat eman ditu herriaren benetako beharrizanak egokitzera bideratutako udal kudeaketan aurrera egiteko neurri ezberdinak. Eskuragarritasuna, gardentasuna eta aisialdiaren dinamizazioa, ekonomiaren indarberritzearekin batera, Udaletxearen apustu tinkoak dira.
 
Elantxobeko Udalak onartu egin du hirigintza eta arkitektura aholkularitza herri zerbitzuaren kontratazio espedientea. 

Zerbitzu honen esleipena lehiaketa eta publizitate gabe negoziatutako prozedura bidez bideratuko da. Bi urteko iraupen epea izango du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Aurreikusitako urteroko aurrekontua 9.075 eurokoa izango zen, BEZ barne.

Aisialdi osasuntsua bultzatzeari dagokionez, Udalak 30.000 eurotako aurrekontua onetsi du herriko polikiroldegiaren instalazioen hobekuntzarako, gaur egun arraun elkartearen egoitza nagusia. Planifikatutako berrikuntzak, gimnasia egiteko aparatuen erosketaz gain, barrualdeko espazioen banaketan eta beroketa sistemaren instalazioan oinarritzen dira. Inbertsio honen helburua kirolaren praktika dinamizatzea da modu egokian hornitutako espazio publikoak eta ariketa fisikoa egiteko aukera ezberdinak eskaintzearen bidez.
 
Herriko eraikuntzak hobetzeko proiektuen baitan, udal eraikinaren geruza eta aurrealdearen  berrikuntza ere txertatzen da.  Inbertsioa finantzatzeko, gobernu batzordeak Bizkaiko Foru Aldunditik 23.162 euroko diru-laguntza jaso du, lanak egiteko beharrezko aurrekontuaren ia %95.

Osoko bilkuran, Udaletxeak, herriko jasangarritasun prozesuei garrantzia emanda, onartu egin zuen Euskal Autonomi Erkidegoko tokiko jasangarritasunarekiko konpromisoa berritzea “Udalsarea 21, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea” handituz. Horrez gain, Udalkutxa 2015aren zorraren amortizazioa ere onartu zen 19.448 euroko zenbatekoan.

Gardentasuna eta parte-hartzea

Legealdiaren hasieratik, gobernu batzordeak gardentasuna eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egin du; horren adierazgarri Elantxobe Zabaltzen gardentasun ataria, oraintsu zabaldu berri dena udaletxeko web orrialdean. 

Gardentasun eta parte-hartzea bultzatzeko Udaletxeak hartutako beste erabakietako bat, posta bidez bizilagunei egingo zaien informazio bidalketa izan da, zerbitzu honen berri ematea bando bidez egin da guztiak jakinaren gainean jarriz. Zerbitzu honek orokorrean herriarentzako interesgarria den informazioa zabalduko du; ospatuko diren osoko bilkuren deialdiak, Datuen Babeserako Legeari lotuta ez dagoen dokumentazioa, web orrialdearen azken eguneratzeak eta herri edo eskualdean ospatuko diren ekitaldiak.

Zerbitzu honen bitartez, Udaletxeak galdeketak egin nahi ditu, bizilagunen iritziak jakiteko eta horrez gain informazio eskaerak ere egin nahi dira, bizilagunek Udaletxeari eta Udaletxeak bizilagunei. Zerbitzu honetan parte hartzeko interesa duen edonork izena eman ahalko du transparencia.elantxobe@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidaliz. Mezuan agertu beharko diren datuak izen-abizenak eta pertsona erroldatuta dagoen edo ez adieraztea.

Bide berdinari jarraituz, egungo gobernu batzordeak, legealdiaren hasieratik, zinegotziek proposatutako ekimen eta proposamenak udalaren web orrialdean argitaratzearen aldeko apustua egin du.

Azken osoko bilkurari begira, gobernuko eta oposizioko zinegotziek, bakoitzak proposamen bat aurkeztu zuten. Alde batetik, herriko EH Bildu taldeak, 2015.urteko azken hilabeteetan osoko bilkuretarako egindako deialdien urritasuna salatu du. Bestalde, gobernu batzordeak, azken aldian Busturialdeko Ur Patzuergoan eman diren aldaketen aurrean eta horren eragina jaso duten Elantxobeko herritarren lan egoeraren aurrean, lanpostu duinen aldeko proposamena aurkeztu du.  

Datuek argi erakusten dute Udalaren gardentasun maila;  Legeak, Eudel eta Bicaytikek kontuan hartze dituzten gardentasunari buruzko 93 adierazleetatik, horietatik 44 nahitaez bete beharrezkoak, joandako legealdian %10,75a bete zen eta nahitaezko betebeharren %2,69a soilik. Egungo legealdi honetan, udaletxeak herriaren gardentasuna hobetzeko helburuz egindako ahaleginei esker, adierazleen %51,92a bete da eta nahitaezkoen %75.