Albisteak

 

Elantxobeko Udalak, herriko guraso taldearen eta Tantai, Komunitatearen Garapenerako era irabazi-asmorik gabeko Elkartearen laguntzagaz, Gabon jaiegun eta oporraldirako aktibitate ugari antolatu dauz. Hoietako batzuk, sasoi honetako tradizioei lotuta daude, honen kasu, Olentzeroren harrera. Beste aktibitate batzuk, herriko neska-mutilen oporraldian hauen aisialdirako aukera ezberdinak emoteko izango dira.

Elantxobeko Udalak herria arlo zabalean dinamizatzeko lan egiten dau.  Gabonetan txikien aisialdia dinamizatzeko herriko guraso elkartearen eta Tantai elkartearen kolaborazioa dauka Udalak.

Elantxoben Olgetan proiektua, herriko ama batzuk proposatutakoa da. Helburua herriko neska-mutilek sasoi honetako jarduera dibertigarriaz gozatzeko aukera emotea da. Hasierako jarduera Kultur Etxearen Gabonetako Arbolaren apainketa izango da. Zapatuan, abenduaren 24an, Olentzerori ongi etorria emongo jako eta herri guztitik zehar gabon abestiak abesten joango dira. Bidebarrin hasi, herriko goiko aldean, eta portuan amaituko da ibilbidea. Ostean, txokolate beroa hartzeko aukera egongo da kiroldegian. Gainera, Olentzerok ume bakoitzari opari txiki bat eskeiniko deutso. Egueztenean, abenduaren 28an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emonaldia ikusten joateko Bermeora irteera egingo da. Umeak 5 euro eta helduak 10 eurokoa da sarreren prezioa. Urtarrilaren 4an, egueztenean, Bizkaia Park Abenturara egingo da irteera; eguenean, urtarrilaren 5ean, Erregeei ongi etorria emango jake.  Portuan hasita Kaltzadan gora joango dira San Nikolas eleizaraino. Bertan, umeek erregeen opari txikia jasoko dabe. 

Beste alde batetik, Elantxobeko Udalak, Tantai, Komunitatearen Garapenerako era irabazi-asmorik gabeko Elkartearen laguntzagaz, Negulekuak edota Gabonetako Ludoteka antolatu dau. Tantai elkarteak 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako aktibitateak antolatu dauz. Jarduera hauek abenduaren 26an hasi eta urtarrilaren 7rarte izango dira, 10:00etatik 13:00etara.

Egitaraua honakoa da: abenduaren 26an " Dinamikak eta Jokuak"; abenduaren 27an, "Gabonetako okintza eta goxogintza tailerra"; abenduaren 28an, "Gabonetako eskulanak"; abenduaren 29an, "Kontaidazu antzerki bat" tailerra;  abenduaren 30ean, Urte amaierako jaia; urtarrilaren 2an, "2017 Barre-algaren urtea"; urtarrilaren 3an, Sormenerako Tailerra: eskultura eta pintura; urtarrilaren 4an, Ehundegi tailerra; eta urtarrilaren 7an, "Altxorraren bila" gymkana eta txokolatada.

Udaletxearen ateak herritarrei zabalik daude. Herriko bizitza sozio-kulturala animatzeko kolaborazio eta partaidetza dinamika aberasgarria sortu gura dogu, guztion artean guztiontzako aktibitateak antolatzeko", nabarmendu dau Jesus Mari Bilbaok, Elantxobeko Udalaren Kultural, Gazteria eta Kirol Zinegoitzak.