Albisteak

 

Elantxobeko Udalak herria hobetzeko aurrerapausak emoten jarraitzen dau, herriko bizi kalitatea eta aisialdi osasungarria lortzeko proiektuak aurrera eramanez. Helburu honegaz herriko Irisgarritasun Planaren elaborazioa jarri dau martxan, baita Bidekalea eta Portu Kalea, goiko aldea eta portua, batzeko ibilbidearen zatiaren aurreproiektuaren erredakzioa be. Bestalde, Udal Kiroldegiko instalazio barriak zabalik daude dagoeneko, zerbitzu barri eta hobeagoekaz.

Elantxobeko Udalak herriko Irisgarritasun plana egiteko aurrerapausuak emon dauz. Horretarako, Alkatearen Dekretuaren bitartez (26/2017 zka.)  Elantxobeko Mugikortasunaren 1go Faseako espedientea zabaldu dau. “Geure herrian mugikortasuna erraztea da asmoa, modu erosoan herrian zehar ibili ahal izateko, goitik behera. Geure herritarrek herriko kaleak, sarbideak eta eguneroko mugikortasun arazoak ondo ezagutzen dabez. Horregatik, partaidetza prozesua zabaldu dogu. Herritarrek euren ekarpenak eta iradokizunak egin ahal izateko. Herriko beharrizanen neurriko irisgarritasun plana diseinatzeko Elantxobetarrok baino hobeagorik ez”, adierazi dau Elantxobeko Alkateak, Josu Olagibelek. 

Udalak garatu gura dauen Irisgarritasun proiektu hau Elantxobeko herritarren mugikortasuna hobetzeari zuzenduta dago lehenik eta behin, horregatik herritarren partaidetza prozesua zabaldu dau, gardentasun atariko eta udal erregistroko ohikoak diren bideak erabilita. Hori dala eta, herritarrek herrian ikusten dabezen mugikortasun gabeziak edota beharrizanen gainean ekarpenak eta iradokizunak egitera animatzen dauz udalak. Batez be, bakoitzaren inguru hurbilean, egunerokoan aurkitzen direzenak. Ahal bestean, “mugikortasuneko puntu baltz” hoiek erakusteko argazkiak gehitzea eskatzen dogu, eskilarak, desnibel bereziak, sarbide neketsuak…

Bidekalea eta Portu Kalea batzen dauzen ibilbidearen zatiaren gaineko aurreproiektuaren erredakzioari dagokionez, herriko goiko aldea eta portua konektatzeko igogailu baten ezarpena planteatzen da. Igogailuak tramo bertikala izango dau Makues Erretegiatik begiratokirarte eta okertutako tramo bat begiratokiatik portuko latsarrirarte. “Asmo handiko proiektua da hau Elantxobe bezalako herri txiki batentzako baina herrirako ezinbesteko proiektua da. Erakundeen laguntzari esker elantxobetarron bizimodua oztopatzen dauen herriko antxinako arazo hau konpontzea espero dogu”, adierazi dau Alkateak. Proiektuaren garrantzia ikusita, aurrera eraman ahal izateko Elantxobeko Udalak erakunde ezberdinetan eskatuko dau diru-laguntza: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Saila, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila eta URREMENDI eskualdeko LGE: LEADER Programa.

Dagokion informazio eta dokumentazio guztia udal web orrian batuko da (Kontratatzailearen profila atalan).

Kiroldegi barria martxan
Udal kiroldegiko instalazio barriak zabaldu dira eta honegaz legegintzaldi honetako beste proiektu garrantzitsu bat aurrera doa: Elantxobeko fisiko-kirol jarduera berraktibatzeko proiektuaren 2. fasea, berregokitutako udal kiroldegian kirol ekipamendua ezartzea, hain zuzen be.

Elantxobeko Udal Kiroldegiaren instalazio barriak zabalik dagoz dagoeneko, ekipamendu barria eta modernoagaz eta zerbitzu eta gune hobeagoekaz. Kirolgune barrirako sarbidea erabilpen banakako txartel elektronikoaren bitartez egingo da. Txartela eskuratzeko Udal Bulegoetan egin behar da eskaera, 8:00etatik 14:00etara. Herrian erroldatutakoek 2017. Urterako 25€ko kuota ordaindu beharko dabe eta herrian bigarren etxebizitza daukatenek urtean 35€. Jubilatuek edota 65 urtetik gorakoek %75 murrizketa izango dabe euren kuotan. Gainontzeko erabiltzaileek hilean 10€ ordaindu beharko dabe. Urtearen amaieran mantenimendu gastuen arabera hurrengo urteko kuotak planteatuko dira. Udal kiroldegiaren ordutegia honakoa izango da: lanegunetan, 10:00etatik 21:00etara eta jai egunetan, 10:00etatik 22:00etara.

Proiektu honen 2. faserako inbertsioa 53.759,72€koa izan da eta horretarako Udalak Eusko Jaurlaritzagaz kudeatu eban diru-laguntza (AGINDUA, 2016ko abenduaren 14koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Landa Garapena). Lehenengo fasean, barruko barritze lanak burutu ziren: obra zibila; kiroldegiaren eraikina banatu bi erabilerarako: udal kiroldegia eta  herriko kirol elkarteetarako; instalazio elektrikoa eta sarbideen kontrolarako instalazioa barriztu Euskara eta Kultura Saileko 34/2016 Foru Dekretuaren bitartez.

Udal kiroldegiaren barruan herriko elkarte eta kirol klubak daude baina publiko orokorrak be erabili ahal dau, hau dala eta burutu da proiektu hau. Itsasoagaz lotutako Busturialdeko elkarte eta kluben arteko sinergiak sortzeko honen erabilera sustatzea da asmoa.