Albisteak

 
Elantxobeko Udalak herria arlo guztietan suspertzeko apostu sendoa mantentzen dau, batez be ekonomiari dagokionez. Horretarako, negozio barrien ezarpena erraztu, daudenak erregularizatu, sormena eta barrikuntza sustatu edota herrian proiektu zein jarduera ekonomiko barriak sortzeko neurriak erantzukizunez hartzen dauz. 

Elantxobeko Udalaren Gobernu Taldeak herriko jarduera ekonomikoari bizia emotearen alde lan egiten dau, herritarrek herrian negozioak ezarri edota mantentzeko eta inbertsioa erakartzeko irtenbideak zein neurriak eskeiniz Zentzu honetan, Elantxoben eta bertako portuan jarduera ekonomikoa sorrarazten dabezen proiektuei emongo deutse lehentasuna. Suspertze edota indarberritze ekonomikorako lehen fase baten kofradiaren pisu lonja alokatzeko aukera lehiaketa publikora atera da, osoko bilkuran akordioa hartuta. Eskaerak udal erregistroan aurkeztu behar dira, erabilpen eta erabiltzailea zehaztuz. Aurkezteko epea azaroaren 4an bukatuko da.

Udal ekimen hau igaz aurrera eraman zen antzerako beste neurri baten jarraipena da. Orduan, negozio barriak ezartzeari lagundu eta herriko instalazio ezberdinen kontratuak erregulatzeko onartu zan mozioaren aurrean ekimen pribatuak izan zuen erantzuna nabaria izan da. Antzinako Arrantzaleen kofradian udaleko industri-lurzoruaren eskaintzari esker, elektrizitate negozio barri bat Elantxoben jartzea lortu da eta herriak irisgarritasuna irabaziko dau, herriko farmaziaren zerbitzuan.

Horrela, herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko lehen fase bat zarratuko da. Aldi berean, Udal Gobernuak sustapen ekonomikorako bigarren fase bat zabaldu dau. Kostaldeei buruzko legeak eskatuta udal aterpetxearen jarduera eten egin behar da eta eraikin honen erabilera berbideratzea da apostua. Elantxobeko Udalak herriaren aldeko kontrapartida bilatzen dau " Kostaldeei buruzko legeak udal aterpetxearen instalazioak zarratzera behartzen gaitu baina ez dogu nahi bertan behera utzi eraikina. Apostua da guztion artean eraikinagaz, bere kokapenagaz eta geure herriko izaeragaz bat datorren jarduera bat bilatzea. Herritar guztiak parte-hartzea nahi dogu, eraikin honen erabilera barria egokia izateko", adierazten dau Elantxobeko Alkatea, Josu Olagibelek.

Aterpetxearen eraikinak kokapen espektakularra dauka, portuan bertan, itxasoaren gain-gainean.  30 plaza inguru ditu eta bi solairutan dago banatuta. Orain arte gune honek ostatu zerbitzua eskeintzen zuen eta negoziorako aukera anitzak eskeintzen dauz. Horrela, ostatuaren jarduera baimendutako beste batera (ez ostatuarena) berbideratzea nahi da. Elantxobeko Udaletik partaidetzarako deialdia luzatzen dabe, eraikin honen erabilera barriaren proiektua aukeratzeko. Horretarako, udal gardentasun ataria, emaila edota udal erregistroa jartzen dauz herritarren esku. Bertan, euren iradokizunak, ideiaik, proposamenak edota etorkizuneko proiektuak aurkeztu ahal izango dabez. Udal Gobernu Taldearen estrategia dela eta, Elantxobek turismorako duen balio ukaezinaren aldekoa, proposamenak baloratzeko orduan herritarren bizi-kalitatearen aldeko zerbitzuak kontserbatu edota martxan jartzearen proposamenak, Elantxobe kalitatezko eta jasangarrizko jomuga turistikoari balioa emotekoak, hartuko dira kontutan.