Albisteak

 

Elantxobeko Udalak herria hobetzearen aldeko apostu sendoa mantentzen dau, zerbitzu gehiago eta hobeagoak eskeiniz eta herriko bizkortze sozio-ekonomikoaren aldeko proiektu estrategikoen bitartez. Aterpetxeko eraikinari herritarren beharrizanetara egokitutako erabilera barri bat emotea edota portuan, antxinako Arrantzaleen Kofradiaren ondoan, suteen kontrako materialak gordetzeko etxola bat egitea, zerbitzu publiko asistentzialen euskarri gisa, hoien artean BFAko Suhiltzaileen Zerbitzua, maiatzaren 23an, azken Osoko Bilkuran onartutako proposemenetariko batzuk dira.

Elantxobeko Udalak udaren atarian udal diru-kutxa garbia dauka, egoera ekonomiko orekatu honek herria berpizteko eta hobetzeko estrategian aurrera egiteari laguntzen deutso. Horrela, udal diru-kutxaren egoera finantzarioaren barri emon dau azken Osoko Bilkuran, aurrezpen garbi negatiboagaz, 0 zorrekin eta zerbitzuen hobekuntzari zuzendutako kudeaketagaz. 
Udal aktiboei errentagarritasuna emoteko apostuaren barne herrian "Bizkaiko Suhiltzaileen Parkeko Suteen Kontrako Prebentzio Baliabidea Egiteko" proiektua dago. Proposamena Udal Osoko Bilkuran onartu da eta honakoa da: suteen kontrako materialak gordetzeko etxola bat egitea, antxinako Arrantzaleen Kofradiaren ondoan, udal jabegokoa Euskarri honetan suak itzaltzeko elementuak gordeko dira, mangerak edota balbulak, kasuan kasu, eta untzien hondoratze kasuetan baliagarria izango da edota garbiketa lanak egiteko, Bizkaiko Portuen Sailaren beharrizanen arabera. Elantxobek badauka ur-hornikuntzaren motobonba mugikorra baina ez da nahikoa. Horrela adierazten da Elantxobeko Udalak igaz Gernika-Lumoko Suhiltzaileen Parkeagaz batera prestatutako ikerketan, " Suteen Kontrako Prebentzio Baliabidea" idatzi aurretik. Suteen kontrako etxolaren eraikuntzarako aurrekontua 3.857,24€koa da.  
Bestalde, herrian Osakidetzako Lehen Mailako Asistentzia Zerbitzua erraztuteko, antxinako kofradiaren inguruan be, zerbitzu medikurako aparkaleku erreserbatua egokituko dau udalak. Larrialdietako atentzioa eta etxez-etxeko kontsultak modu errezean egin ahal izatea da helburua, batez be udan, sasoi horretan aparkatzeko aukerak murriztuagoak dira. Horretarako, zerbitzu orokorretako aparkaleku erreserbatua mugatzeko piboteak ezarriko dira, Udalarentzat, Osakidetzarentzat eta Suhiltzaileen Parkearentzat.

Gobernu Taldeak herriko ekonomia bizkortzeko martxan jarritako estrategiari dagokionez, Elantxobeko Udalak herriko Lurzoru Industrialaren Eskaintzaren 3.fasea onartu dau.  Horretarako, udal aterpetxearen aktibitateari amaiera emon eta eraikin honetan portuagaz lotutako jarduera ekonomikoak ezartzea onartu dau, herrian eragina izateko jarduerak.  Zentzu honetan, eraikina banatzeko aukera be aurreikusten da erabilera ezberdinak hartzeko. Osoko Bilkura bardinean aterpetxearen eraikina atzeratzeko aurreproiektuaren eskaera onartu da, lana egiteko fasea zehaztuz, Kostaseko Demarkazioagaz hartutako konpromisoa betetzeko, honen arabera erakunde honek Elantxoben itsas pasealekua egitea aurreikusten dau.

Herriko ekonomia bizkortzeko beste udal aktiboa, herriko turismo proiekzioari zuzenduta, udal jabegoko Makues Taberna-Jatetxearen kudeaketa eta alokairua da. Udal Osoko Bilkurak ostalaritza enpresari batek egindako proposamena onartu dau, iraunkortasuna, zaporea eta osasunan oinarritutako proposamen gastronomikoagaz; noizean behin afari tematikoak; umeen ospakizunak; ikastaroak eta tailerrak behe denboraldian; eta ogi, tokiko produktuak eta oparien salmenta eskeintzeko proposamenagaz.

Madalena eguneko segurtasuna izan da Osoko Bilkuran landutako beste gai nabarmen bat. Bertan, Elantxobeko udalak eta Ibarrangelu ta Mundakako udalek prestatzen dabizen segurtasun errekurtso prebentiboaren barri emon dabe.  Arriskuak ekiditzeko segurtasun neurriak indartzea da asmoa. Ekitaldia bermatzea eta Eusko Jaurlaritzagaz adostea da helburua.