Albisteak

 

Elantxobeko Udalak herriko garapenaren alde lan egiten dau eta horretarako udal kudeaketaren bidez errentagarritasun eta oreka ekonomikorako formulak bilatzen dauz. Martxoan ospatutako azken osoko bilkuran 2017ko aurrekontuaren likidazioa onartu dau, 25.117,12€ko superabitagaz eta 282.867,67€ko gehikuntzagaz, hasierako aurrekontuagaz alderatuta, diru-laguntzen kudeaketari esker.  2018rako aurrekontua 467.722,61€tan onartu da. Honen barne, urte biko planteamendua daukon Herriko Irisgarritasun Plana bezalako inbertsioak dagoz.

Elantxobeko Udalak herriko garapenaren alde egiteko ahalik eta errentagarritasun gehien bilatzeko lana beharrezkoa ikusten dau. Martxan dagozan ekimen ezberdinetarako, ezinbestekoa da diru-laguntzak kudeatzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez, Eusko Jaurlaritza edota Europako erakundeen bitartez.
Talaiako begiratokiaren birgaikuntza, Elantxobeko garapen turistikoaren etorkizuneko bandera-ontzia dana, eta Herriko Irisgarritasun Plana, herriko bizilagunen eta bisitarien mugikortasuna erraztuteko ezinbesteko proiektua, martxoan burututako osoko bilkuran onartutako aurrekontuetan planteamendu nabarmenak dira.
"Geure udal gobernuko konpromisoak betetzeko lan egiten dogu Kudeaketa lan zorrotzari esker, gardena, zehatza eta planteamendu ekonomiko errealagaz baina asmo handikoa, Elantxobek aurrera egitea lortzen ari gara. Lan hau burutzeko Bizkaiko Foru Aldundia bezalako erakundeekaz bat egiten dogu. Honek diru-laguntzen bitartez emoten deusku babesa. Gu adi gagoz diru-laguntzen dekretoei eta emoten deuskuen diru-laguntzen bitartez babestuta sentitzen gara.", adierazten dau Elantxobeko Alkateak, Josu Olagibelek.

Udal osoko bilkuran 2017ko aurrekontuaren likidazioa onartu dogu, 25.117,12€ superabitagaz. Honetan, gauzatze portzentaia altua edo oso altua izan da eta hasieran proiektatu zanagaz alderatuta % 63ko gehikuntza egon da, 725.906,67€ko zenbatekora heldu arte. Kudeaketa ekonomiko trebeari esker proiektu ezberdinak landu dira, besteak beste, udal kiroldegia atontzeko Elantxobeko fisiko- kirol jarduera berraktibatzeko proiektuaren 2. Fasea.

2018rako planteamendu ekonomikoa 467.722,61€tan onartu da eta diru-laguntzen bitartez zenbateko hau gehitzea aurreikusten da, proiektu handiak burutzeko (inbertsio erreala: 61.808,61€). Proiektu nabarmenen artean, Herriko Irisgarritasun Plana dago. Asmo handiko proiektu hau bi urtetan burutzeko planteatzen da, 800.000 €ko aurrekontuagaz, 2018 eta 2019urte bitartean garatzeko. Aurton, lehenengo fasea egingo da. Honen barne, Talaiako Begiratokiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak, barandak ezarri edota terrazaren lautze lanak. 2019an 55 metroko pasabidea egitea aurreikusten da. 
Proiektu nabarmenen artean.. Talaiako Begiratokiaren birgaikuntza eta atontze lanak dagoz. Besteak beste, euste-hormaren egokitze lanak planteatzen dira. Zentzu honetan, Elantxobeko Udalak Olagarroa Gestión de Autónomos S.L enpresari emon deutsoz lanak. Lan hauek hasiak dira jada. Lan hau burutzeko, Elantxobeko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz kudeatu dau diru-laguntza. Azken honek 164.117,80€ emongo dauz. Gainontzeko 40.000€ Udalak ordaindu beharko dauz. 
2018rako Begiratokiaren terrazaren irisgarritasuna hobetzeko asmoa dago eta 55 metroko pasabide bat egitea, besteak beste. 

Azken osoko bilkuran Bidekalea-Mirador-Portukalearen arteko ibilbide mekanikoa burutzeko diru-laguntzaren ukatzeari buruz be informatu da. Elantxobeko Udalak irisgarritasunaren alde egin gura dau proiektu honegaz. Ukatzearen arrazoiak, aurretik irisgarritasun planik ez izatea eta aurrekontu eza izan dira. Zentzu honetan, Elantxobeko Udalak hurrengo deialdietan barriro be diru-laguntza eskatuko dau, hauen barne Herriko Irisgarritasun Plana gehituz.

Martxoko osoko bilkuran herriko arraun elkartearen eskaera bat onartu da. Madalena egunean, udal kirolegiaren beheko solairuan barneko txozna bat ezartzeko eskaera luzatu dau Elantxobe Arraunek, igaz egin eban bezala. Zentzu honetan, Elantxobeko Udalak Madalena Egunerako autobabesareko plana dauko eta txozna hau udal erantzukizun zibilaren barne egongo da, udal eraikina dalako. Txozna ezartzeko baimena emoteagaz, herriko arraun elkarteari laguntza emoten jako udalak, izan be, egun horretan diru-sartze handia lortzen dau taldeak. Gainera, aurton egun horretarako portuko tabernek, zaborren edukiontzi gehiago eta kanpoko komun publiko eramangarri gehiago ezarri beharko dabez.