Albisteak

 

Elantxobeko Udalak zerbitzu eraginkorragoak eta errentagarriagoak eskeintzeko bermeak bilatzeko, herrian bizi kalitatea hobetzeko eta zergarik gabeko udal ekonomia mantentzearen alde egiten dau udal kudeaketaren bitartez. Azken Osoko Bilkuran behin betiko onartu dau 2019ko aurrekontua 462.017 eurotan. Herriko Irisgarritasun Planagaz aurrera egiteko inbertsio nabarmenak aurreikusi dira.

Herriko Irisgarritasun Plana ezinbesteko proiektua da herritarren eta bisitarien mugikortasuna errazteko eta beste urte batez, azken Osoko Bilkuran onartutako aurrekontuan proposamen nagusienetakoa da. “Kudeaketa lan gardenagaz, zehaztasun osoz landutakoa eta erreala baina asmoa handiko planeamendu ekonomikoagaz, Elantxobe hobetzea eta garatzea da geure helburua.  Horregatik, udal aurrekontua ezinbesteko tresna bat da, bertan geure herritarren gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanak islatzean saiatzen gara. Lana zorrotza da eta emaitzak badoaz agertzen”, adierazi dau Elantxobeko Alkateak, Josu Olagibelek.

Elantxobeko Udalak herriko garapenaren alde egiteko ahalik eta errentagarritasun gehien bilatzeko lana beharrezkoa ikusten dau. Martxan dagozan ekimen ezberdinetarako, ezinbestekoa da diru-laguntzak kudeatzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez, Eusko Jaurlaritza edota Europako erakundeen bitartez. Planteamentu ekonomiko hau agerian dago udal aurrekontuetan.

Urtea zarratu barik badago be eta diruzaintzako soberakina zenbatekoa izango dan ezagutzeke badago be, zenbateko hau hasiera baten aurreikusitakoaren gehigarria izango da,  2018ko aurrekontuaren gauzatze mailaren barri emon zan Osoko Bilkuran. Kudeaketa ekonomikoan sakonduz asmo handiko proiektuei aurre egitea da helburua.
2019rako planteamendu ekonomikoa 462.000€tan onartu da eta diru-laguntzen bitartez zenbateko hau gehitzea aurreikusten da, proiektu handiak burutzeko (inbertsio erreala: 60.000€). Proiektu nabarmenen artean, Herriko Irisgarritasun Plana dago. Asmo handiko proiektu hau 2018 eta 2019urte bitartean garatzeko planteatuta dago, 800.000 €ko aurrekontuagaz. Plan honen barneko hasierako lanak Talaiako Begiratokian eta Gorgonio Renteriako Kultur Etxeko terrazan irisgarritasuna hobetzeko lanak dira. Hauek maiatzean bukatuta egon behar dira. Gainera, 2019.urtean denboraldi baterako hormigoizko pasabide bat eraikitzea aurreikusten da, honi esker Herriko Irisgarritasun Planaren ikerketa geoteknikoa egin ahal izango da eta 2019rako aurreikusitako exekuzio oinarrizko proiektua egiteko be. Ikerketa topografikoa eginda dago eta ikerketa geoteknikoak herriko goiko partea eta portua konektatzeko igogailu bat egin edota pasabide bat ezartzeko aukerak aztertuko dauz.