Albisteak

 

Elantxobeko Udalak herriko bizkortze sozio-ekonomikoa lortzeko estrategian aurrera egiten dau eta horretarako udal aktibo eta baliabideei ahalik eta errentagarritasun gehiena emoteko lanean darrai. Atalaya 4 eraikinaren alokatzea ostatu turistikoak eskeintzeko, udal etxebizitzak eta kofradian pisuaren lonjea  alokairuan eskeini, herriko beharrizanekaz bat eginez aterpetxearen eraikinari erabilera barri bat emon edota Eusko Jaurlaritzak proposatuta portuan erregai andela baten ezarpena bultzatzea dira abenduaren 2an ospatutako azken osoko bilkuran onartutako proposamentariko batzuk. Gai zerrendaren puntu guztiak aho batez onartu dira. 

Herriko bizkortze sozio-ekonomikoaren estrategiaren barruan, Elantxobeko Udalak finantza-egoera osasuntsu eta orekatuagaz eta udal aktiboak errentagarri egiteko aurrerapausuak emonez amaitzen dau urtea. Ekonomia berreskuratu eta sortu eta urte guztian zehar herriko bizitza dinamizatzea dira helburuak. "Herriko aktiboen eta baliabideen ahalik eta errentagarritasun handiena bilatzeko proiektuak barriak dira. Hasi dogun bideak herriko kultura eta ideia barritzaileak batzen dauz, kudeaketa lan handia eginez eta, batez be, herrira eta herritar guztieei zerbitzua emoteko bokazinoagaz. Izan be, Udalak batzen gaituen erakundea da", adierazi dau Elantxobeko Alkateak, Josu Olagibelek. 
Proiektu barrien artean, ostatu turistikoak hartzeko Atalaya 4. erainina alokatzea planteatzen da. Eraikin hau antzina eskola-maisuen etxea izen zan eta sasoi batez udal Kultur Etxea be. Aldizkako turismoaren bizkortzea da helburua, etxe alokairuen bitartez. Horretarako udal zenbait aktiboak egokitzea da asmoa, jardueraren euskarri gisa eta honen lagungarri. Proiektuaren barne eraikinaren konpontze eta barritze lanak daude. Eraikina 6 urtez hutsik egon da eta bi pisukoa da terrazagaz. Orain arte herrian egon ez dan ostatu turistikoen eskaintzak, herrian zerbitzu turistiko barri bat eskeintzeak suposatzen dauen eragina izatea aurreikusten da. Eta gainera herriko aisialdiaren jarduerak dinamizatzeari lagunduko dau, herriko beste zerbitzu batzuetan eragina eginez. Proiektua martxan jartzeko, osoko bilkurak baldintza teknikoen agiria onartu eban. Honen arabera, aldizkako turismo erregimenezko  etxe-alokatzeari dedikatutako edozien enpresa aurkeztu ahal da. Balorazio irizpideen artean EAEn turismo jarduera ekonomikoetan altan emonda egon, Elantxoben erroldatutakoei lana emon, birgaitze proiektua edota herriko turismo zein aisialdi eskeintzan duen eragina eta udal zein eskualdeko instalazinoekaz sinatutako hitzarmenak. Behin kontratua formalizatuta, errendatoreak lau hilabete izango dauz lanak burutzeko. Hauen kostua erdi bana ordainduko da (errendatorea eta udala), baina Udalak ez dau dirua aurretiz emon behar errentatik deskontauko dau eta. "Herrian eskaintza turistikoa sortzeari laguntzeko eta baliabideak baloratzeko aukera ederra dela uste dogu. Herriak ostatu turistiko barri bat irabaziko dau eta honen alokairuak udaleko diru-kutxan izango dau eragina. Gainera eraikina barriztuko da", nabarmendu dau Elantxobeko Alkateak, Josu Olagibelek.
Udal aktiboak errentagarri egiteko estrategiaren barne Nagusia 21eko hiru etxebizitzak partikularrei errentatzea dago. Osoko Bilkuran onartutako alokairu kontratuan Elantxoben erroldatuta egotea, seme-alabak izatea, etxebizitzarik ez izatea edota DBE jasotzea hartuko dira kontutan. Alokairu luza daitezkeen bost urtez planteatzen da. 2016an ezarritako kuota hilean 250,75€koa da. Udalak pisu bat Bizigune edota errefuxiatuen zein erbesteratutakoen programetarako gordetzeko eskubidea dauko.

Kofradiako pisuaren lonjearen alokairua, aukeratze prozesuaren bitartez, Osoko Bilkuraren beste akordio bat izan da. Bizkortze ekonomikoaren planaren 2. fasea da. Udalak udal jabetzapeko antzinako arrantzaleen kofradiaren lurzoru industriala publikoaren esku jartzen dau. Proiektuaren barne eraikinaren konponketa eta barriztatze lanak daude. Pisuaren lonjeak tresnak gordetzeko sotoen kontratu berbera izango dau. Kontratu hau bertan behera geratuko da arrantza jarduera industrialak horrela eskatuten badau. Osoko Bilkurak portuko amarristen alokairu eskaera onartu dau. Hauek enbarkazinoen hornidurak gordetzeko, karnata gordetzeko izozkailuetarako, etabarrerako erabiliko dabe lonjea.
Portuko zerbitzuen eskaintzagaz batera, Udal Osoko Bilkuran Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena aurkeztu da, Elantxobeko portuan erregai andela baten ezarpenarena. Proiektua azalpen publikoan ezarriko da herritarrek euren alegazioak aurkezteko aukera emonez.

Irisgarritasuna eta errentagarritasuna irabazi, 2017rako erronkak
2017ko jarduerarako aurrekontuaren behin-behineko onarpenak 2016an lortutako oreka sendotzeko ezinbesteko pausua da. Zenbatekoa 443.039€koa da eta igaz bezala gastuaren eustean eta aktiboen errentagarritasunean oinarritzen da. Gobernu taldeak 2016an burututako kudeaketa finantzarioak,  udal diru-kutxa garbitzea ekarri dau, baita zegoen udal zorra ezabatzea be. Ordena, errazionaltasun irizpidea eta kudeaketaren esfortsuei esker Elantxobeko Udalak oreka finantzarioagaz zarratu dau urtea eta gerakinagaz ere bai.

2017rako inbertsio erronkak irisgarritasuna irabazteko eta udal aktiboak errentagarri egiteko aurrera egitean oinarritzen dira. Zentzu honetan, Osoko Bilkurak aterpetxeak bere jarduera bertan behera izteko gehiegizko data onartu dau, 2017ko abenduaren 31a. Hala ta guztiz be, Udalak eraikinari edukia eta erabilera barriak emoteko iradokizunak eta proiektuak aurkezteko epea zabalik mantentzen dau. Epe hau laburtzeko esfortzuak egingo dauz. Horretarako, udalak jarduera ekonomikoak edota  portuari lotutako jardueretarako lurzoru industrialaren bigarren eskaintza bat zabalduko dau, herrian eragina izango dabeen jarduerak, hain zuzen be. Eraikina banatzeko aukera be aurreikusten da erabilera ezberdinak hartzeko: porturako zerbitzuak, erabilera kulturalak edota herriko ekonomia bizkortzeko baliagarriak diren bestelako erabilerak. Puntu honetan, Kostaseko Demarkazioagaz hartutako konpromisoaren arabera erakunde honek Elantxoben itsas pasealekua egitea aurreikusten dau. Horrela, Osoko Bilkurak proiektu hau gaurkotuta eskatu dau, aterpetxeari eduki barria emoteko orduan, udalak bere aldea aurreikusteko.

Udal arauen aldaketak eta aktualizazioak osoko bilkuran landutako beste gaiak izan dira. Besteak beste, Elantxobeko sarbideen erabilera eta kontrol araudiaren berraztertzea planteatzen da. Aktualizazioaren barne Gaztetxearen sarbideari dagokio be, ondare publikoko kontzesioan erregulatuta. Gainera, aldaketen artean urtebetetzeak ospatzeko Ludotekaren erabilera dago be, ospakizuna baimena izan behar dau eta erabiltzeagatik tasa 5€koa izango da. Erdiguneko zirkulazioari dagokionez, Bermokiz eta Kanposantuarte eta Portu Kalean aparkatzea debekatuta dago , Elizabarri Plana barne, urte guztian zehar baimen berezia ez daukaten ibilgailuentzat (TAO) edota Udal baimena ez daukatenentzat ( bizilagunen ibilgailuak, industrialak, bestelakoak). Gainera, "Bizilagun ez diren" ibilgailuen zirkulazioa baimendu eta erregulatzen da, baimena aurretiaz eskatu eskero eta bigarren etxebizitza izatea edota aldizkako alokairuan egotea ziurtatu eskero. Baimen honek ez dau erregulatutako aparkatzea baimentzen. Besteak beste, TAO txartela edota zirkulazio baimena begi bistan egon behar da ibilgailuan erraz identifikatzeko. Gainera, herrian jarduera sozio-kulturalak zein kirol jarduerak garatu edota aurrera eramaten laguntzen dabeen elkarteentzako %100eko murrizketa aplikatuko da.
Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren modifikazioa be landu da osoko bilkuran. Katastroko balorazio barrien eta ezarritako koefizienteen arabera, ondasun higiezin gaineko zergaren ordenantza 2017rako aldatzea onartu da, horrela:  TK Komertzioa %0,076, TO Orokorra %0, 055, TI Industria %0,450 eta TG Gainerakoa %0, 450; eta %1eko urteko kuota. Aldaketak etxebizitza arrunteei gehiegi ez kargatzeko irizpidearen arabera egin dira.  Halan da be, 2017rako, araudian klausula barri bat gehitu da, hutsik dauden etxebizitzeei zerga %30 igoz. Horrela, herrian familia barriak ezartzeko eta herriari balioa emoteko erabilerak dinamizatzeari laguntzeko asmoz.