Albisteak

 

Elantxobeko Udalak udal kudeaketan eraginkortasuna eta bizkortasunaren aldeko konpromisoa mantetzen dau eta lortu duen aurrezpen mailak herrian hobekuntza ezberdinak aurrera eramateko inbertsioak egiteko aukera emoten deutso. Besteak beste, udal eraikinaren teilatua eta aurrealdea berriztatzea edota, azken denboraleen kalteei aurre egiteko, kiroldegia konpondu edo aterpetxean hobekuntzak egitea aurreikusten dau.

Pasa dan barikuan ospatutako azken Osoko Bilkuran, martxoaren 11an, udal gobernu taldeak herrian aurrera eramateko aurreikusitako jarduera ezberdinak berretsi dauz. Hobekuntza hauek udal kudeaketa bizkorra eta eraginkorrari esker egin ahal izango dira. Izan be, oso denbora gutxian, herrirako garrantzitsuak diren inbertsioak planteatzea bideratu dabe, eta bestalde, aurrezpen maila altua lortu dabe.
Oraintxu aprobatu dan 2016ko udal aurrekontuan Elantxobeko etorkizuna eraikitzeko proiektuek izan dabe lehentasuna eta honi esker udal gobernu taldeak udaleko diru-kutxak ordenatu dauz. Gainera, <xehetasunez> egindako kudeaketa ekonomikoari esker, aurrezpen maila lortu da. Honen kasu, udal aseguruaren kostuan lortu dena, 4559,08€ko aurrezpena.

Udal eraikinak dekozen narriadurak konpontzeko eta azken denboraletan kaltetutako gune ezberdinen hobekuntza eraginkorrak egiteko diru-laguntza ezberdinak kudeatuko dira. Neurri hauek eta beste batzuk, alokairu pribatura bideratzeko udal eraikinetan 50.000€ko inbertsio proiektua honen kasu, hauteskunde programan planteatutako herri ereduaren barne daude Josu Olagibel alkatearen esanetan. "Geur helburua herrian jarduera ekonomikoak sortzea da. Horretarako, herriko errealitatea sakonean aztertu ondoren, aukerak sortzeko politika jarri dogu martxan. Lehenengo pausua gastu korrientea eusteko irizpide sendoa aplikatzea izan da, ahal den neurrian, berezko injekzio ekonomikoa sortzeko, eta aldi berean, ekonomia berrindartzeko neurriak aprobatzea". 2014an gastu korrientea 106.104,20€koa izan zan, eta gaur egungo Udal Gobernu Taldeak 2015eko azken hileetan hartutako neurriei esker, gastu korrientea 2015ean 99.566,77€ko izatea lortu da. 

Udal eraikinaren bermoldatze lanei dagokionez aurrealde nagusia konpontzea aurreikusten da, zeharo hondatuta baitago, morteroa altxatuta dago, balkoiaren burdina kaltetuta dago, teilatu-hegala eta hodiak hondatuta eta solteak, iparraldeko aurrealdearen balkoien harlauzatan kalte larriak, eta teilatuan kalteak daude, hezetasun arazoak sortuz. Hobekuntza hauek egiteko behar diren inbertsioei aurre egiteko, Elantxobeko Udalak Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailari diru-laguntza eskatzea aurreikusi dau, zerbitzu publiko baterako izango diren ondasunetan hobekuntzak egiteko diru-laguntzen dekretuaren barne. Elantxobeko Udalak aurrekontu ezberdinak hartuko dauz kontutan lanak adjudikatzeko. 

Denboraleen erasoen eraginez izandako kalteen inguruko hobekuntzak egiteko, Elantxobeko Udalak neurri leungarriak aurrera eramatea proposatzen dauz etorkizunean eguraldi txarrak eragindako kalteak murrizteko. Besteak beste, udal kiroldegiaren biltegiaren atea lekuz aldatuko da, bertan Arraun Elkartea dago. Sarrera barria dagoen euste-dikeagatik babestuta egoteko. Jarduera honegaz, denboraleek eragindako kalteen konponketa lanek suposatzen daben inpaktu ekonomikoak saiheztea du helburu udal gobernu taldeak.

Aterpetxetik hurbil dauden bideen kale-argietan, eraikin horretan eta Atalaia 4. eraikinean denboraleen eraginez izandako kalteak konpontzea be aurreikusten da, azken hau haize gogorrek astindutakoa.  

Denboraleen erasoagatik suertatutako kalteen ondoriozko gastua 54.845,59 eurotan balioztatu da. Konponketak aurrera eramateko Elantxobeko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu deutso diru-laguntza ustegabekoengatik eta martxoaren 18ko, 307/2005 Errege Dekretuaren barneko diru-laguntza eskatu dau be, egoera katastrofikoek eragindako gastuei aurre egitekoa.

Udal kiroldegiaren atea eta beste konponketa batzuetarako, Udal Osoko Bilkuran Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza sailan beste diru-laguntza bat eskatzea aprobatu zan, BFAko, abenduaren 27ko, 215/2011 Dekretuari lotutako, erabilera eta zerbitzuen azpiegituretan inbertsioak egitekoa.  Honen bitartez Udalak kiroldegian aurrera eraman beharreko koponketak egin ahal izatea bermatu gura dau, BFAko Lehendakaritzaren "ustegabekoei" eskatutako diru-laguntza jaso ezean.

Gardentasuna, udal balorea
Osoko Bilkuran gardentasunaren aldeko eta udal kudeaketaren bizkortasunaren aldeko udalaren lan egiteko era emon da ezagutzera. Zentzu honetan,  Udal Gobernu Taldeak EHBilduk Arartekoaren aurrean planteatutako kexari erantzun deutso. Erantzun-txostenan Udal Gobernu Taldeak honakoa agertzen dau: " inoiz ez da herritar batek eskatutako informazio-kontsultarik ezeztatu, zinegotziak barne; edozein euskarritan".  Gardentasunaren derrigorrezko adierazgarrien betetze maila, udal kudeaketaren bi hilabeteetan lortutako, %2,40tik %70,45ra pasatu da.

Osoko Bilkuran landutako beste puntuetako bat arrantzaleen kofradiaren lurzailen behin betiko adjudikazioak onartzea izan da, indarberritze ekonomikoari eta industria zoruaren eskaintzari zuzendutakoak. Kirol eta Kultur Jardueretarako urteko diru-laguntzen deialdia onartu da be bai eta Jesus Bilbao jauna zinegotzi barriaren kargu-hartzea, Janire Olagibel anderearen ordez. 

Osoko Bilkuran urte osorako lan-poltsa bat eratzea onartu da, udal langilearen bajak, oporraldiak edo udan dagoen lan extrarako.