Albisteak

 

Elantxobeko Udalaren Gobernu Taldeak udal aktibitate politikoa berriz hasi dau eta legegintzaldi honetako ildo estrukturalak markatu dauz iraila eta urriko azken osoko bilkuratan. < Bidai orri> honegaz, hauteskundeko programan ezarritakoa, kudeaketa zabala eta parte-hartzailearen alde egiten dau eta herriko benetako beharrizanei erantzuna emotea da lehentasuna. 

Legegintzaldi hasierako estrategia gisa Elantxobeko Udalaren Gobernu Taldeak mozio pakete bat aurkeztu dau, udal kudeaketaren gai estrategikoak hasierako minututik lantzeko.

Elantxobeko Udalaren Gobernu Taldeak markatutako ildo estrategikoen artean, bere hauteskunde programan batu izan zauen bezala, herriko ekonomia suspertzea nagusitzen da. Horretarako, herriko indarberritze ekonomikoa suspertzeko, baita udal finantza-mailan,  beharrezko neurriak jaso dabezen mozio bat aurkeztu dau.  Mozioan negozio barriak ezartzeko erraztasun neurriak agertzen dira eta udal instalazio ezberdinen kontratuak erregularizatzea planteatzen da. 

Beste mozio garrantzitsu bat gardentasun legediari buruzkoa izan da, Udal Gobernu Taldeak udal kudeaketa gardenaren aldeko neurriak betetzeko konpromisua hartu dau, Elantxobetarrak informatuta egon eta aktiboki parte-hartzeko aukera emonez, herrirako garrantzitsuak diren erabakien gainean jakitun izanik.  Herritarrei zabalik lan egitea da helburua, komunikazio bide eta tresna zuzenak eta eskuragarriak erabiliz.
Gainera, Gobernu Taldeak herriko espazio ezberdinen sarbideak organizatzeko mozio bat aurkeztu dau be, Elantxobeko erabilera publikoko instalazio ezberdinen sarbideen kontrola egiteko ordenantza erregulatzailearen bitartez.

Helburua espazio hauen erabilera erraztu eta antolatzea da: Gorgonio Renteria Zentru Sozio-Kulturala, Udal Ludoteka eta Kiroldegia eta Hirigunearen zirkulazio gune batzuk. Araudi honen ildoan, Elantxobeko Udalak Olaeta eta Larresille auzoen sarrera-bideak berraztertu dauz, "zirkulazioa debekatuta auzotarrak salbu" kartelak kenduz.  Gainera, herriko irisgarritasuna hobetzeko  proiektuagaz aurrera egiteko asmoa du Udalak. Honen bitartez, kaleetan barandak eta eskubandak ezarri edo barriztu egiten dabez, erorketak eta irristadak ekiditzeko herriko kale aldapatsuetan.

Udal Osoko Bilkuran EHBildu taldeak aipatutako beste gai batzuk landu dira be. Zentzu honetan, Gobernu Taldeak kontsulta guztiak erantzun dauz, hauen artean, Auzolanak, Kaltzada konpondu edota "piszina"ren rekalifikazioa.  Udal Gobernu Taldeak Auzolan ekimen erregularitzako asmoa duela agertu dau, istripuren bat gertatu ezkero erantzukizun zibila bete ahal izateko ordenantza baten bitartez. Gainera, portuko "energia barreiatzaile" piszina" gisa rekalifikatzeko bideragarritasuna analizatzeko txosten-juridiko bat eskatu duela emon dau ezagutzera.

Interes orokorreko beste gai batzuei dagokionez, Elantxobeko Udal Gobernu Taldeak beste mozio bat aurkeztu dau, 35/02 sumarioaren aurka agertuz, Herriko Tabernen kudeaketaren gaineko, eta berehala artxibatzea eskatu dau.
Elantxobeko Udalak nazioarte mailara be begiratzen dau, Siriako errefuxiatuen gaineko adierazpen instituzionala sinatuz, Europar Batasuna, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzari bakoitzaren dagozkien eskuduntzen barruan aktiboki lan egiteko eskatuz.